Artxiboak: Otsaila, 2010

Sinkro Festival 2010 Gasteizen

Arabako hiriburuak musika elektroakustikoa eta teknologia berriak uztartzen dituen Sinkro jaialdiaren edizio berri bat hartuko du, otsailaren 22tik 27ra bitartean. Jesus Guridi Musika Eskolak hartuko ditu jarduera guztiak, eta doakoak izango dira. Salbuespen bakarra egongo da: azken kontzertua ARTIUM museoan egingo dute, eta sarrerak 6 eurotan eskuratu ahalko dira.

Egitarauari hasiera emateko, Aristides Llaneza Mexikoko musikariak konposizio tailerra eskainiko du hilaren 22an. Hurrengo egunean, Ensemble Espacio Sinkro taldeak kontzertuak emango du azken proiektu elektroakustikoa jendaurrean aurkezteko. Ostegunean Ensemble Multilaterale Parisko talde ezaguna arituko da, eta ostiralean, aldiz, Gregoire Lorieux konpositorearen emanaldiaz gozatzeko aukera izango da. Horrez gainera, Lorieuxek tailer interesgarria ere eskainiko du.

Azken kontzertuak ARTIUM museoa izango du agertoki; Fleur inverse taldearen emanaldiak Erdi Aroko musika, musika elektroakustikoa, gaur egungo musika eta jazza uztartuko ditu.

Ia aste batez, musika proiekturik berritzaileenek euren txokoa izango dute Gasteizen.

Iturria | Euskadi.net

Erlazionatutako sarrerak

Bilbao-Bilbao Zikloturisten Martxa
Milaka lagunek hartu ohi dute parte urtero Bilbao-Bilbao Zikloturisten Martxan, eta, ezbairik gabe, Bizkaiko hiriburuko kirol ekitaldirik ospetsuenetako bat da. Deustuko Zubian, Zubiarte merkataritza-gunearen ondoan, hasi eta Bilboko Kale Nagusian bukatuko da proba. Zikloturisten Martxa, Martxoaren 14an izango da, bost irteera mailakatu antolatu dira (hamabost minuturo) eta, proba amaitutakoan, ez da inolako sailkapenik egingo. Hau da, parte-hartzaile bakoitzak “bere erara” egingo du martxa.

115 kilometroko ibilbidean Bizkaiko udalerri anitz zeharkatuko dituzte zikloturistek, tartean, Erandio, Getxo, Sopela, Barrika, Plentzia, Gatika, Sondika, Derio, Mungia, Larrabetzu eta Galdakao. Bizkaiko Teknologia Parkean anoa-postu berezia jarriko dute: parte-hartzaileek jakiak eta edariak hartu ahalko dituzte bertan. Ibilbideak Bizkaiko txokorik esanguratsuenetako batzuk gertutik ezagutzeko aukera eskainiko du.

Iturria | BilbaoBilbao.com

Erlazionatutako sarrerak

Bermeoko Portua

Maiatzaren 21etik 23ra bitartean, Bermeoko Arrain Azoka egingo da bizkaiko udalerri ospetsu honetan. Bermeoko Arrain Azokaren 16. edizioa hartuko du maiatzaren bukaeran. Hiru egunez 30 erakusketari baino gehiago elkartuko dira Lamera parkean euren produktuak saltzeko. Produktu horietako batzuk ohiko dendetan aurkitzea ez da lan erraza.

Edizio bakoitzean gai bati arreta berezia eskaintzen dio azokak, eta Bermeoren alde lan egin duen lagun, enpresa edo talde bati Hegaluze saria ematen diote.

Iturria | Bermeoko Udala

Erlazionatutako sarrerak

Boilurra

Arabako Mendialdeko gastronomiak betidanik izan du lotura hertsia boilur beltzarekin. Horregatik, hain zuzen, eskualde hori Arabako Boilur Beltz azokaren hirugarren edizioa hartzeko oso toki aproposa da. Gastronomia onaren zaleek otsailaren 21ean izango dute hitzordua, Maeztun.

Aste bat lehenago, “Luis Manso†Pintxo Txapelketa hasiko da; Arabako Mendialdeko eta Arabako Errioxako 15 jatetxe lehiatuko dira ekitaldi horretan. Sariak azokaren egun berean banatuko dituzte.

Hilaren 21ean herrixka horretara bertaratzen direnek tokiko eta kalitate-labela duten produktuak eskuratzeko parada izango dute. Horrez gainera, Juanjo Martinez de Viñaspre eta Edorta Lamo (A Fuego Lento jatetxea) izen handiko sukaldariek etxeko errezetetan boilurra erabiltzeko jarraibideak emango dituzte.

Eguneko egitarauan honako jarduera hauek ere aurki ditzakegu: pintura eta nekazaritzako makineria erakusketak, ongintzazko enkantea, dastatze-saioak, musika emanaldiak, antzerki-formako bisitak eta txakurren laguntzaz boilurrak bilatzeko txangoak, besteak beste.

Erlazionatutako sarrerak

Zinemastea 2010

Zinemastea 2010

Zinemastea Gasteizera itzuliko da, garai berrietara egokituta. Hori horrela, Zinemastea v.2 sei eguneko topaketak ikus-entzunezko mundua ulertzeko era berriak izango ditu ardatz. Besteak beste, lengoaia berriak, formatu digitalak eta ikus-entzunezkoen eta beste diziplina artistikoen arteko harremana aztertzen duten proposamenak jorratuko dituzte. Profesional gazteekin topaketak ere antolatu dira, eta, noski, Euskadin egindako zinemak oso tarte berezia izango du egitarauaren barruan.

Euskal film luze berrienetako batzuk ikusteko abagunea izango da: Miguel Angel Jimenezen Ori (Zinemaldian aurkeztu zuten eta nazioarteko hainbat jaialditan parte hartuko du 2010ean), Sukalde kontuak umorezko pelikula (Aizpea Goenaga ezagunak zuzendutako lehendabiziko film luzea) eta Pagafantas Borja Cobeagaren film arrakastatsu eta dibertigarria.

Halaber, Zinemastea v.2 jaialdiak El cosmonauta izeneko proiektu berritzailea eskainiko du; lan horretan, Internet eta ikusleen parte-hartzea oso lotuta doaz.

Azkenik, bi tailer interesgarri prestatu dituzte aurtengoan. Nacho Vigalondo -2004an Oscar sarietarako izendatu zuten- gaur egungo zinemak eskaintzen dituen aukeren inguruan arituko da, eta Riot Cinema Collective ekoizpen-etxeko kideek “transmedia†deritzon kontzeptua zer den azalduko digute.

Iturria | euskadi.net

Erlazionatutako sarrerak