Azaroaren 7tik 16ra bitartean, Bilboko XXVIII. Nazioarteko Txotxongilo jaialdia ospatuko da “Antzerkia txikerrean” izenburupean. Jaialdian Euskal Herria, Katalunia, Valentzia, Portugal eta Bulgariako 10 taldek arituko dira primerako ikuskizunak eskeintzen.
Bilboko Txotxongilo Jaialdiaren XXVIII. edizioan Bilborock aretoan eta Indautxuko El Carmen aretoan egingo dira ikuskizun guztiak . Era berean, programaren osagarri gisa, automata-erakustaldia egingo da Bilborocken. Txotxongilo hauek mekanikoki mugitzen dira, inork erabili beharrik gabe. “Grumildoen showa” Ety Fefer peruarrak sortutako ikuskizuna da: berez mugitzen diren 14 txotxongilo giro desberdinetan sakabanatuta, izaki liluragarriak, mundu errealeko pertsonaia baztertuen isla.
Aldi bereko ekintzei dagokienez, jaialdiaren egunetan, Pepe Otalek bere txotxongilo-tailerrean egiten duen lanari buruzko erakusketa jarriko dute ikusgai Barrainkuan. Horrekin batera, “Txotxongiloak femeninoan” goiburuko II. Nazioarteko Topaketa egingo da, eta bertan, euskal artistek esperientzia-trukaketa egin ahal izango dute Italia, Bulgaria, Kuba, Ingalaterra eta Espainiatik etorritako artistekin.
Era berean, txotxongiloen munduari buruzko bi film labur emango eta bi ikastaro antolatuko dira, bata euskaraz (”Txotxongiloen erabilera erraza”, teknika eszenikoei buruzkoa) eta bestea gaztelaniaz (”Goma-aparrezko txotxongiloak lantzeko teknika”). Amaitzeko, hitzaldi bi antolatuko dira Barrainkuako udaltegian, lehenengoa txotxongiloen interneteko trataerari buruzkoa, eta bigarrena ‘Bunraku’ deritzon japoniar txotxongilo-tradizioaren ingurukoa.
Erlazionatutako sarrerak




Atalak:
Etiketak:
