Arabako hiriburuak musika elektroakustikoa eta teknologia berriak uztartzen dituen Sinkro jaialdiaren edizio berri bat hartuko du, otsailaren 22tik 27ra bitartean. Jesus Guridi Musika Eskolak hartuko ditu jarduera guztiak, eta doakoak izango dira. Salbuespen bakarra egongo da: azken kontzertua ARTIUM museoan egingo dute, eta sarrerak 6 eurotan eskuratu ahalko dira.
Egitarauari hasiera emateko, Aristides Llaneza Mexikoko musikariak konposizio tailerra eskainiko du hilaren 22an. Hurrengo egunean, Ensemble Espacio Sinkro taldeak kontzertuak emango du azken proiektu elektroakustikoa jendaurrean aurkezteko. Ostegunean Ensemble Multilaterale Parisko talde ezaguna arituko da, eta ostiralean, aldiz, Gregoire Lorieux konpositorearen emanaldiaz gozatzeko aukera izango da. Horrez gainera, Lorieuxek tailer interesgarria ere eskainiko du.
Azken kontzertuak ARTIUM museoa izango du agertoki; Fleur inverse taldearen emanaldiak Erdi Aroko musika, musika elektroakustikoa, gaur egungo musika eta jazza uztartuko ditu.
Ia aste batez, musika proiekturik berritzaileenek euren txokoa izango dute Gasteizen.
Iturria | Euskadi.net
Erlazionatutako sarrerak




Atalak:
Etiketak:
