Etiketak: Capitol Zinemak

Tokyo!

Lehen eta behin, aipatzekoa da emanaldi honetara gerturatu zen jende piloa. Aretoa jende gaztez ia gainezka egon zen, seguruena Gondryren zerbait berri ikusi nahian. Benetan arraro eta erakargarria da Tokyo! filma. Hiru zuzendarik filmatutako hiru istorio ezberdinek osatzen dute Tokyo!. Istorio ezberdinak dira bai; baina hirurak gauza batean dira berdin, Tokyoko hirian gertatzen direla noski!. Michel Gondry (The Eternal Sunshine of the Spotless Mind; Be Kind, Rewind), Léos Carax (Mauvais Sang; Les Amants du Pont-Neuf) eta Boon Joon-ho (Memories of Murder; The Host) dira zein baino zein bitxiagoak diren istorioen idazle eta zuzendariak. Istorio fantastikoak eta erabat ezohikoak dira japoniar metropoli handian girotutakoak. Artista baten neskalagun pairamentsua, estoldetan bizi den izaki bat eta etxetik sekula ere ateratzen ez den gizona dira protagonistak.

Interior Design
Michel Gondry zuzendari frantziar ospetsuaren istorioa da lehenengoa. Musika bideoklipak egiten hasi zena laster aurkitu zuen bere kreatibitatea eta mundu bitxiak luzemetraietan erakusteko modua. Gabrielle Bellekin idatzi zuen Interior Design, honen Cecil and Jordan in New York eleberri grafikoa oinarri hartuz. Artista baten neskalaguna da Akemi. Tokyora doa bere mutilak film independentea estreinatuko duelako hiriko zinema batean. Pisua aurkitzen duten bitartean euren lagun baten etxean biziko dira. Laguna hasieran adeitsua izango da baina laster aldatuko da bere portaera. Akemik bere mutilarentzako bigarren maila batean dagoela uste du, artista da eta bere lanak bera baino garrantzitsuagoak baitira. Gutxika Akemi aldatzen joango da eta bera baino erabilgarriagoa den zerbaitetan bihurtuko da.

Merde
Léos Carax zinemagileak estoldetan bizi den izaki arraro eta bitxi baten istorioa kontatzen digu bere atalan. Egun batean lurpetik irten eta hiriko kaleetatik noraezean ibiliko da jendeari loreak eta dirua lapurtuz eta hauek ikaratuz. Nabarmentzekoa gaur egun komunikabideek eta politikoek duten paperaren kritika; gu beti beldurtu eta benetan garrantzia duten gaiak bigarren maila batean utzi nahian. Horregatik edotariko teoriak agertuko dira telebistan: nondik dator izaki hori? Zergatik da hain arraro? Minik egingo al digu? Al-Quaedako kidea izango ote da?

Shaking Tokyo
The Host eta Memories of Murder film arrakastatsuak egin zituen Bong Joon-ho zuzendari sarituarena da filmaren hirugarren atala. Hikikomori delako baten istorioa da. 11 urtez ez da etxetik irten, bakarrik bizi da eta bere aitak dirua bidaltzen dio hilero. Ez du telebistarik ikusten eta ez du ordenagailurik. Egun osoan etxean dituen milaka libururak irakurtzeaz aparte ez du deus ez egiten. Bazkaltzeko janaria eskatzen du telefonoz eta larunbatetan pizza jaten du. Egun batean pizza eskatu eta banatzailea atean dagoela lurrikara gertatuko da eta 11 urtetan lehen aldiz pertsona bat begietara begiratuko du. Neska gazte bat da eta lurrikararen ondorioz konortegabetu eta lurrera eroriko da. Neskatxa ukitzeko edo kalera irteteko gai izango al da?

Hiru istorioek ez dute zerikusirik eta inolako loturarik baina batera, triptiko fantastiko ederra osatzen dute.

Gaurko FANTen programazioa:

Capitol zinemetan
17:30h Sleep dealer (Atal Ofiziala)
19:45h Cuento de Navidad (Fantrobia Saria)
22:00h FANT Laburrean II (Publikoaren Saria)

San Frantzisko Udaltegian
11:00h Masterclass - Paco Plaza: “La falta de recursos como estímulo creativo: la creación de [REC].”
17:00h Bilbao Grindhouse: La tierra olvidada por el tiempo eta Bubba Ho-Tep

Ambigú jatetxean
17:00h Zineari buruzko mahai-ingurua

FANTen www.fantbilbao.net webgunean informazio gehiago aurkituko duzue.

Erlazionatutako sarrerak

Aparecidos

Paco Cabezas zinemagileak Aparecidos filma aurkeztu zuen atzo FANTen filmaren bi protagonistak, Javier Pereira eta Ruth Díaz, alboan zituelarik. Aretoa ia beteta eta jendeak beldurrezko film on bat ikusteko gogo-giroa zegoen. Ez zituen hitz asko esan, nahikoak bere pelikula aurkezteko eta errodaiari buruzko informazio estra emateko.

Hauxe da FANTen web gunean agertzen den filmaren sinopsia: Argentinan zehar bidaiatzen ari diren espainiar anaia bik, euren familiaren sekreturik goibelenekin zerikusi handia daukaten iraganeko gertakarietara bideratuko dituen egunkari bat aurkituko dute. Azken urteetako beldurrezko espainiar filmik interesgarrienetakoa eta etorkizun handiko zuzendari gazte baten debut bikaina.

Pablo eta Malena dira filmaren pertsonaia nagusiak. Argentinara bidaiatu dute euren aita ospitale batean baitago. Garun-tumorea izan zuen eta klinikoki hilda dago; bere familiako bi kideren sinadura behar dute medikuek bizirik mantentzen duten makinetatik deskonektatu ahal izateko. Pablok ez zuen ezagutu, txikitatik ama, arreba eta hirurak Argentina atzean utzi eta Espainiara bidaiatu baitzuten. Bere aitaren autoa hartu eta bera jaio zen etxera bidaiatzera erabakitzen du bere arrebak nahi edo nahi ez. Bidean doazela, orain 20 urte gertatu zen hilketa bat kontatzen duen egunkaria aurkituko dute eta gertatu zen hotelean igaroko dute gaua, hilketaren logelaren albo-alboan. Malena, gauerdian esnatuko da eta ondoko logelan liburuak kontatzen duen berdina gertatzen ari dela ohartuko du. Hilketaren zergatia eta hau berriz gerta ez dadin saiatuko dira Pablo eta Malena.

Aparecidos ez da ohiko beldurrezko filmak bezalakoa, beno, egia esan, beldurrezkoa baino suspensezko filma da, beldurrezkoen ukituak dituena. Paco Cabezasek istorio nahiko ondo eratua lortu du nahiz eta hasieran genero honetako filmeen klixeren bat erabili. Hala ere, Argentinan 70. eta 80. hamarkada bitartean diktadura militarrak egindako basakeriaren kritika gogorra du istoria bere barruan. Kontuan hartu behar da, azken finean, denbora pasatzeko produktua dela hau baina nahiz eta generoaren betiko baliabideak erabili ez ditu izualdi erraz asko erabiltzen eta naturaz gaindiko momentuak alde batera uzten ditu istorioan arreta jarriz eta pertsonaiak zainduz.

Beldur eta suspensezko filmak gustoko dituenari gomendatuko nion nik film hau. Beste munduko ezer izan gabe, lehenengo momentutik harrapatzen zaitu eta tentsiozko zenbait une eskaintzen ditu.

Gaurko FANTen programazioa:

Capitol zinemetan
10:00h RH+ El Vampiro de Sevilla
17:30h La momia
19:45h Terribly Happy
22:00h Teaserland (Trailer faltsuen lehiaketa)

San Frantzisko Udaltegian: Bilbao Grindhouse
17:00h Santo y Blue Demon contra Drácula y el Hombre Lobo eta Cronos

Kafe Antzokian
21:30h Kontzertua: Chrome Hoff

FANTen www.fantbilbao.net webgunean informazio gehiago aurkituko duzue.

Erlazionatutako sarrerak

Rumba

Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren hirugarren egunean gaude jada. Gaur goizean haurrentzako RH+, El Vampiro de Sevilla animaziozko filma eman da eta San Frantziskoko Udaltegian Bilbao Grindhouse sailaren beste emanaldi bat egongo da. Sail honetan, lehen egiten ziren emanaldi jarraiak gogoratu nahi dituzte eta horretarako Phenomena film italiarra eta SCIFIWOLD aldizkariak antolatu zuen laburmetrai lehiaketara aurkeztu zirenetatik egindako laburmetrai sorta ikusteko aukera izango dugu.

Atzo, Mama laburmetraia eta Rumba luzemetria ikusi genituen. Mama aurkezteko Pablo Berger zuzendaria egon zen. Bilbotarra bera, Torremolinos 73 luzemetrai ospetsua zuzendu zuen orain 6 urte. Aurkeztutako laburmetraia 1988koa da eta bere garaian benetan berritzailea izan zen eta gaur egun kultukoa dela esan dezakegu. Bere hitzetan, bera eta bere lagunek egindako bilbainada bat izan zen. Filmak etorkizuneko familia baten gorabeherak kontatzen ditu. Etxean daudela, telebistako albisteetan martetarrek lurra inbaditu dutela ikusiko dute eta honen erasoen eta Erandioko zentral nuklearrak jasotako oldarren ondorioz etxeko sukaldetik sartzen den bunkerrera jeitsi beharko dute eta han bizi.

Laburmetrai benetan dibertigarria Pablo Bergerrek eta Alex de la Iglesiak (kasu honetan ekoizpen lanetan) egin zutena. Zuzendariak, filma hogei urtetan lehen aldiz ikusi zuen zinemetan gehiegi zahartuko zelaren beldurrez baina dudarik gabe esan daiteke gaur egun bere lehen emanaldian izan zuen eragin berbera izan dezakeela ikusleengan. Hurrengoan, ez ezazue galdu Mama ikusteko aukera.

Rumba luzemetrai frantziarraren momentua heldu zen jarraian. Dominique Abel, Fiona Gordon eta Bruno Romy dira film honen zuzendari, idazle eta protagonista. Film benetan bitxia eta dibertigarria, aretoan egon ginen jendea ezin izan genuen askotan barre egitea sahiestu. 77 minutuko iraupenarekin, film poetiko, dibertigarri eta fantasia hunkigarriz betea dugu Rumba. Benetan maiteminduta dagoen bikote baten istorioa da. Eguneroko bizimoduari ihes egiteko dantza lehiaketara batean parte hartuko dute. Handik etxerako bidean istripua izango dute eta euren bizitza erabat okertuko da, ordutik aurrera benetako momentu barregarri asko biziko dituzte; barregarriak, guretzat bederen. Guk gure bizitza nola sortzen dugun eta zelan besteenganako eragina dugun aurkezten digu Rumbak.

Gaurko egunean lehen aipatutako filmak eta beste zenbait ere ikusteko aukera izango dugu. Capitol zinemetan, George A. Romeroren Night of the living dead maisulan ospetsua nola eratu, filmatu eta izan duen eraginaren buruzko dokumental bikaina emango dute 17.30etan; One for the Fire. 19:45etan Aparecidos beldurrezko filma eta 22:00etan Tokio! izeneko eta japoniar metropoli handian girotutako hiru istorio fantastiko osatzen duten filma.

Erlazionatutako sarrerak

Absurdistan

Atzo FANT, Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren inauguraziora joateko aukera izan genuen. Urtero legez, Capitol zinemetan izan zen eta aretoa ia beteta zegoelarik Veit Helmer zuzendari alemaniarraren Absurdistan filmarekin eman zioten hasiera zinemaldiari. Veit Helmer Surprise film laburrarekin egin zen ezagun orain ia 15 urte. Ordutik makina bat sari irabazi ditu Donostia, Sitges, Valladolid, Bruselas, Hof edo Montréaleko zinemaldietan besteak beste. Duela gutxi, Luzemetrai Europear Onenari Zilarrezko Meliés Saria irabazi zuen Fantasporton. Azerbaijanengo herrixka batean filmatu zen luzemetraia eta 16 herrialdeko pertsonek osatzen zuten taldea. Zuzendariaren hitzetan, familia handi bat sortu zuten eta hiru haur jaio dira jada, Absurdistango lehen hiru biztanleak.

Filmak, Europa Ekialdeko herrixka galdu batean bizi den bikote gazte baten istorioa kontatzen digu. Neskatxaren amonaren aholkuak jarraituz, izarren konjuntzio zehatz bat gertatzera itxaron beharko du bikoteak euren lehen gaua batera igaro ahal izateko. Zoritxarrez, Absurdistaneraino ura eramaten dituzten hoditeriak herdoildu eta apurtu egin dira. Bertako gizonak arduragabe eta alfer hutsak dira eta euren emazteek nahikoa izan dute. Gizonen jarrerari aurre egingo diote eta sexuen arteko guda hasiko dute ‘urik ez, sexurik ez’ goiburupean. Egoera honek, bikote gazteraren erlazioa arriskuan jarriko du eta mutilak irtenbidea aurkitu beharko du herrixkak berriz ere ura jaso dezan.

Izugarrizko irudimenaz beteriko komedia dugu Absurdistan. Askok Jean-Pierre Jeuneten Amelie filmarekin edo Kusturicak, Javier Fesserrek edo Chuck Jonesek sortzen duten giroarekin ere konparatu dute. Inolako ezbairik gabe, ez dabiltzate oso oker Helmerrek pertsonaia atseginez beteriko istorio dibertigarri eta ezohikoa lortu baitu. Nik aurkitzen dudan eragozpen handiena off ahotsaren gehiegizko erabilera da; pertsonaien arteko dialogoak pertsonaia nagusien artean bakarrik ematen baitira eta funtsezko momentuetan soilik. Suposatzen dut horrekin istorio kutsua handitzea nahi zuela zuzendariak baina filmaren erritmoa geldiagotzea lortzen du nire iritziz. Osterantzean, film guztiz gomendagarria dugu Absurdistan.

Kontuan hartu filma gaur berriz ere ikusteko aukera izango duzuela errusierazko jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin. Capitol zinemetan izango da arratsaldeko 17:30etan. Ondoren Pablo Berger zuzendari espainiarraren Mama laburmetraia emango da 19:45etan eta Rumba film frantziarra 20:00etan. Gaurko Capitoletako emanaldiekin bukatzeko Vinyan beldurrezko filma ikusteko parada izango dugu 22:00etan.

FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren programazio osoa www.fantbilbao.net web gunean aurkituko duzue.

Erlazionatutako sarrerak