
Saturday Night Fever, gaur egungo musikalik ezagunenetako bat, Euskadin izango dugu aurki. Oraingo honetan Karen Brucek egingo ditu zuzendari lanak, izen bereko pelikula ospetsuan oinarrituta. Juan Pablo Di Pace (musikal askotan aritu izan da, baita Mamma mia filmean ere) Argentinako aktoreak Tony Manero gorpuztuko du, bere garaian John Travoltak egin zuen bezala.
Bi ordu baino gehiagoko lan zoragarri horrek ikusleak dantzan jarriko ditu, koreografia bikainak eta Bee Gees taldearen abesti ezagunak (“Stayin’ Alive”, “Night Fever” eta “How deep is your love”, esaterako) direla medio.
Musikala Donostiako Victoria Eugenia Antzokian eta Principal Antzokian izango da ikusgai, martxoaren 4tik 7ra eta 18tik 21era, hurrenez hurren. Egun batzuk geroago (maiatzaren 6tik 16ra) Bilboko Arriaga Antzokira iritsiko da.
Iturria | Euskadi.net
Erlazionatutako sarrerak

Arabako hiriburuak musika elektroakustikoa eta teknologia berriak uztartzen dituen Sinkro jaialdiaren edizio berri bat hartuko du, otsailaren 22tik 27ra bitartean. Jesus Guridi Musika Eskolak hartuko ditu jarduera guztiak, eta doakoak izango dira. Salbuespen bakarra egongo da: azken kontzertua ARTIUM museoan egingo dute, eta sarrerak 6 eurotan eskuratu ahalko dira.
Egitarauari hasiera emateko, Aristides Llaneza Mexikoko musikariak konposizio tailerra eskainiko du hilaren 22an. Hurrengo egunean, Ensemble Espacio Sinkro taldeak kontzertuak emango du azken proiektu elektroakustikoa jendaurrean aurkezteko. Ostegunean Ensemble Multilaterale Parisko talde ezaguna arituko da, eta ostiralean, aldiz, Gregoire Lorieux konpositorearen emanaldiaz gozatzeko aukera izango da. Horrez gainera, Lorieuxek tailer interesgarria ere eskainiko du.
Azken kontzertuak ARTIUM museoa izango du agertoki; Fleur inverse taldearen emanaldiak Erdi Aroko musika, musika elektroakustikoa, gaur egungo musika eta jazza uztartuko ditu.
Ia aste batez, musika proiekturik berritzaileenek euren txokoa izango dute Gasteizen.
Iturria | Euskadi.net
Erlazionatutako sarrerak

Zinemastea Gasteizera itzuliko da, garai berrietara egokituta. Hori horrela, Zinemastea v.2 sei eguneko topaketak ikus-entzunezko mundua ulertzeko era berriak izango ditu ardatz. Besteak beste, lengoaia berriak, formatu digitalak eta ikus-entzunezkoen eta beste diziplina artistikoen arteko harremana aztertzen duten proposamenak jorratuko dituzte. Profesional gazteekin topaketak ere antolatu dira, eta, noski, Euskadin egindako zinemak oso tarte berezia izango du egitarauaren barruan.
Euskal film luze berrienetako batzuk ikusteko abagunea izango da: Miguel Angel Jimenezen Ori (Zinemaldian aurkeztu zuten eta nazioarteko hainbat jaialditan parte hartuko du 2010ean), Sukalde kontuak umorezko pelikula (Aizpea Goenaga ezagunak zuzendutako lehendabiziko film luzea) eta Pagafantas Borja Cobeagaren film arrakastatsu eta dibertigarria.
Halaber, Zinemastea v.2 jaialdiak El cosmonauta izeneko proiektu berritzailea eskainiko du; lan horretan, Internet eta ikusleen parte-hartzea oso lotuta doaz.
Azkenik, bi tailer interesgarri prestatu dituzte aurtengoan. Nacho Vigalondo -2004an Oscar sarietarako izendatu zuten- gaur egungo zinemak eskaintzen dituen aukeren inguruan arituko da, eta Riot Cinema Collective ekoizpen-etxeko kideek “transmedia” deritzon kontzeptua zer den azalduko digute.
Iturria | euskadi.net
Erlazionatutako sarrerak

Otsailaren 13tik 16ra bitartean, inauteriak ospatuko dira arabako hiriburuan. Gasteizko Inauterien aurtengo egitaraua hauxe izango da:
OTSAILAK 13, LARUNBATA
- 13:00 Gasteizko margolariak Geltoki plazara iritsiko dira trenez.
- 13:15 Ibiltariari mozorroa janztea, Arka plazan.
- 13:30 Inauterietako pregoia Indarra Euskal Kultur Elkartearen eskutik, Espainia plazan.
- 16:30 Gasteizko VIII. Mozorro Lehiaketako parte hartzaileak elkartzea eta desfilatzea, Probintzia plazan.
- 17:00 Gasteizko VIII. Mozorro Lehiaketa, Andre Maria Zuriaren plazan.
- 18:30 Karroza eta konpartsak elkartzea, Legutianoko atean.
- 19:00 Inauteri konpartsen desfilea.
- 19:30 “Sasi guztien gainetik” izeneko euskal dantzen ikuskizuna, Indarra Euskal Kultur Elkartearen eskutik.
- 23:00 - 3:00 Gau dantza Espainia plazan, “La dama orquesta” taldearen eskutik.
OTSAILAK 14, IGANDEA
- 11:30 Karroza eta konpartsak elkartzea, Legutianoko atean.
- 12:00 Inauteri konpartsen desfilea.
- 17:30 “Torrada” dantzaldia, Espainia plazan, “DENIS BAND” taldearen eskutik, eta INAUTERIETAKO 1.000 TORRADA banatuko dira (ezinbestekoa da maskara edo mozorroa eramatea).
OTSAILAREN 16, ASTEARTEA
- 17:30-21:00 Gazteentzako sardinaren gau dantza, Espainia plazan, “Oasis musical show” taldearen eskutik.
- 19:30 2010eko Inauterietako konpartsei oroigarriak ematea.
- 20:00 Sardina erretzea, Espainia plazan.
Erlazionatutako sarrerak

Jazz uhinak hirian barrena ekimenaren IV. edizioa Jazza eta Fusioa ditu ardatz. Udaleko Hezkuntza Sailak eta Jazzargia elkarteak antolatutako kontzertu horien helburua da gure hirian hain esanguratsua den musika estiloa modu didaktikoan gasteiztar guztiei hurbiltzea.
Kontzertuak hilabetean behin ospatzen dira Jesús Guridi Musika Kontserbatorioko Areto Nagusian, arratsaldeko 19:00etatik 20:30era. Sarrera libre da, tokiak bete arte.
Hona hemen Jazz uhinak hirian barrena ekimenaren egitaraua:
- Urtarrilak 19 - 19:00 Jazz uhinak hirian barrena. Jazza eta Bossa Nova
- Otsailak 9 - 19:00 Jazz uhinak hirian barrena. Jazz Rocka
- Martxoak 16 - 19:00 Jazz uhinak hirian barrena. Euskal Fusioa
- Apirila 20 - 19:00 Jazz uhinak hirian barrena. Fusioa eta ahotsa
- Maiatzak 25 - 19:00 Jazz uhinak hirian barrena. Jazz latindarra
Erlazionatutako sarrerak