
Atzo FANT, Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren inauguraziora joateko aukera izan genuen. Urtero legez, Capitol zinemetan izan zen eta aretoa ia beteta zegoelarik Veit Helmer zuzendari alemaniarraren Absurdistan filmarekin eman zioten hasiera zinemaldiari. Veit Helmer Surprise film laburrarekin egin zen ezagun orain ia 15 urte. Ordutik makina bat sari irabazi ditu Donostia, Sitges, Valladolid, Bruselas, Hof edo Montréaleko zinemaldietan besteak beste. Duela gutxi, Luzemetrai Europear Onenari Zilarrezko Meliés Saria irabazi zuen Fantasporton. Azerbaijanengo herrixka batean filmatu zen luzemetraia eta 16 herrialdeko pertsonek osatzen zuten taldea. Zuzendariaren hitzetan, familia handi bat sortu zuten eta hiru haur jaio dira jada, Absurdistango lehen hiru biztanleak.
Filmak, Europa Ekialdeko herrixka galdu batean bizi den bikote gazte baten istorioa kontatzen digu. Neskatxaren amonaren aholkuak jarraituz, izarren konjuntzio zehatz bat gertatzera itxaron beharko du bikoteak euren lehen gaua batera igaro ahal izateko. Zoritxarrez, Absurdistaneraino ura eramaten dituzten hoditeriak herdoildu eta apurtu egin dira. Bertako gizonak arduragabe eta alfer hutsak dira eta euren emazteek nahikoa izan dute. Gizonen jarrerari aurre egingo diote eta sexuen arteko guda hasiko dute ‘urik ez, sexurik ez’ goiburupean. Egoera honek, bikote gazteraren erlazioa arriskuan jarriko du eta mutilak irtenbidea aurkitu beharko du herrixkak berriz ere ura jaso dezan.
Izugarrizko irudimenaz beteriko komedia dugu Absurdistan. Askok Jean-Pierre Jeuneten Amelie filmarekin edo Kusturicak, Javier Fesserrek edo Chuck Jonesek sortzen duten giroarekin ere konparatu dute. Inolako ezbairik gabe, ez dabiltzate oso oker Helmerrek pertsonaia atseginez beteriko istorio dibertigarri eta ezohikoa lortu baitu. Nik aurkitzen dudan eragozpen handiena off ahotsaren gehiegizko erabilera da; pertsonaien arteko dialogoak pertsonaia nagusien artean bakarrik ematen baitira eta funtsezko momentuetan soilik. Suposatzen dut horrekin istorio kutsua handitzea nahi zuela zuzendariak baina filmaren erritmoa geldiagotzea lortzen du nire iritziz. Osterantzean, film guztiz gomendagarria dugu Absurdistan.
Kontuan hartu filma gaur berriz ere ikusteko aukera izango duzuela errusierazko jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin. Capitol zinemetan izango da arratsaldeko 17:30etan. Ondoren Pablo Berger zuzendari espainiarraren Mama laburmetraia emango da 19:45etan eta Rumba film frantziarra 20:00etan. Gaurko Capitoletako emanaldiekin bukatzeko Vinyan beldurrezko filma ikusteko parada izango dugu 22:00etan.
FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren programazio osoa www.fantbilbao.net web gunean aurkituko duzue.
Erlazionatutako sarrerak



Atalak:
Etiketak: 
